artikulu ojektiboak

Correoko berriari dagokionez…

Artikulu bat modu objektiboan idaztea ez da gauza erraza. Sarritan, nahi izanda ere, gure iritzia “jausi” egiten zaigu eta, esan ohi den bezala, “popa agerian geratu”. Ez dakit hori izan den kasu honetan gertatutakoa, edo norbaitek xaxatuta artikulu sasi-objektiboa egiten ahalegindu diren. Azken aldian ohikoak dira modu horretan bideratutako informazio serio nahiz humorezkoak, hala idatzizko komunikabide serioetan, nola ikus-entzunezko saioetan (ikus, vaya semanita). Jarrera jakin batzuk bultzatzea dute helburu, artikuluari erantzun diotenen parekoak. Oraingoan ere antzeko zerbait soma daiteke artikulu honetan, baina… azter dezagun zergatik diodan hori:

Lehenik eta behin “profesor a medida” terminoak pribilegioak dakartza ezinbestean burura. Baina esan beharra dago ni ez nagoela inoren neurrira eginda. Hori bai, prozesu honetan beharrizanetara egokitzen ahalegintzea da helburua, zeregin eta gabezi jakinei erantzutea, alegia. Lexikoaren partzialtasun horren eredua ere bada euskararen eta erdararen erabilera, ez baita alferrik erabiltzen “el irakasle” eta “la lengua vasca”. Hitz markatuak dira zalantzarik gabe; izan ere, erdaraz ari garelarik el profesor erabili beharko luke (baina “esanguratsua” iruditzen omen zaio). Eta “irakasle” kakotx artean erabilita “euskara” kakotxik gabe erabil daiteke, ezta?? ze… “utilizar la lengua vasca…”!

Beste ekarpen bat da gureari “metodo diferente” esatea, denok baitakigu diferentea ez dela beti ondo baloratua. Kasu honetan gainera ez da “ezberdina”, udal, enpresa eta bestelako erakundeen plangintzetan ere erabiltzen baita. Nik egokitua erabiliko nuke: “adecuado”.

Erratuta dago astean behin etortzen naizela esatean, nik egun osoa ematen baitut bertan. Ikasle bakoitzak bi ordu ditu bertan, hori da esaten asmatu ez duena.

Plana udalarena dela esatean, berriz, ez da erratzen, udalak erabakitzen baitu martxan jartzea, baina esan beharko luke Eusko Jaurlaritzaren planak aurrikusten dituen programak direla erabilera plana eta trebakuntza saioak; eta beste hainbat udaletxetan ere abian dela.

Gainera, nola ez, planaren ezarpena Bilduri egozten dio, adar eta buztana duten horiek bultzatu dutela, alegia, jeltzaleen alderdirik “separatistena” azaleraztea. Alderdi guztiak badaude hizkuntzaren normalizazioaren alde, beste normalizazio batzuen alde dauden bezala, ez dut ulertzen zergatik ez duten erabilera bultzatzeko hain beharrezkoa den plangintza hau lehenago abiatu, Urgell eta Azurmendi andere sozialistek ere horren alde egiten baitute; eta Basagoitik berak Euskaltzaindiarekin normalizaziorako hitzarmena egin zuen!

Bukatzeko, esan nahi nuke badela garaia gauzatxo bat argi uzteko: interpretazio zerbitzuan pinganilloa ez dute euskaldunek erabiltzen, horiek guztiak elebidunak behintzat bai baitira. Itzulpen zerbitzua erdaldun elebakarrek behar dute, euskaldunak erdaraz hitz egitera ez behartzeko. Beraz, ez diezaietela diru kopuru hori euskaraz aritu nahi eta euren eskubidea gauzatu nahi duten hautetsiei egotzi.

Erabilera planean dauden langileak elebidunak dira denak. Ez dute herritarra edo lankidea euskaraz artatzeko eragozpenik, bai ordea normaltasunez aritzeko zailtasunak eta ohitura falta. Hori da hain zuzen ere gure helburua, urrats hori ematen laguntzea. Ezagutzatik erabilerarako pausua emateko garaia da eta horretan gabiltza. Txiri-txiri egin beharreko prozesua da, baina modu egokian egiteko tokian tokiko beharrizanei erantzutera bideratuta egon behar da. Esango nuke 40ak gogotsu ari direla eta ni neu ere erabat motibatuta naukate.

Ark

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.